XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Biloba deitzen zion eta hark amonatzat zeukan.

Itzalean hasi ziren dantzan, Toledo kalean; eta, jarraiki zetozkienek korro handia osatu zuten berehala.

Dantzan ari ziren bitartean, atsoa limosna eskatzen jardun zitzaien han bilduei, eta, taula gainera harriak joan ohi diren bezain ugari zetozkion eskura zortzirenekoak eta laurdenekoak; edertasunak bai bait du karitate lokartua esnarazteko ere indarra.

Dantzaldia bukatzean, zera esan zuen Zoramenek: - Lau laurdeneko ematen baldin badizkidazue, neuk bakarrik kantatuko dizuet erromantze bat; guztiz polita gainera: Margarita, gure andre erregina, haurregin ondoko mezetara joateko, Valladolid-etik irten eta San Llorente-ra joan zenekoari buruz da.

Egia diotsuet: biziki aipatua da, eta, batalloiko buruzagia kapitan ohi den bezain benetako poeta batek asmatua.

Hori esan orduko, ingurumarian zeuden ia denak zera hasi zitzaizkion hoska: - Kanta ezan bai, Zoraman; hona hemen nire lau laurdenekoak.

Eta hainbeste laurdeneko jaurti bait zizkioten, urriegi zitzaizkion atsoari bi eskuak hura guztia biltzeko.

Beraz, bere uztaldia eta mahats bilketa egin zituelarik, astindu zituen Zoramenek kriskitinak; (...).